Thursday, January 14, 2010

Georges Politzer: "Kontraesan nagusia, kontraesan sekundarioak" (pasartea)

(...) Hain zuzen, prozesu jakin bat sekula ez da bakuna, izan ere, bere existentzia zehatza baldintza objetibo ugariei zor die eta, multzoari lotzen dutenak. Prozesu oro kontraesan ugariren muina da. Baina kontraesan hauen artean bat da kontraesan nagusia, prozesuaren hasieratik amaierararte existitzen dena eta bere existentzia eta garapenak prozesuaren izana eta ibilbidea xedatzen duena. Besteak kontraesan sekundarioak dira, kontraesan nagusiaren menpekoak.

Zein da adibidez, jendarte kapitalistako kontraesan nagusia? Bistakoa denez, proletargoa eta burgesiaren arteko kontraesana. Kapitalismoa existitzen den artean, kontraesan honek iraun egingo du, eta bera da azken finean kapitalismoaren zoriaz erabakiko duena, proletargoaren garaipenak kapitalismoaren eriotza iragartzen du eta. Baina jendarte kapitalistak, bere prozesu historikoan ulertuta, baditu beste kontraesanak ere, nagusiari dagokionez sekundarioak. Adibidez: burgesia garailearen eta feudalismo garaituaren aztarnen arteko kontraesana; nekazalgo langilearen (jabe txikiak, partzuerrak, jornalariak...) eta burgesiaren arteko kontraesana; burgesia eta burgesia txikiaren arteko kontraesana; burgesia monopolista eta burgesia ez-monopolistaren arteko kontraesana, etab. Kapitalismoaren berezko historian agertzen eta garatzen diren kontraesan guztiak. Eta garapen hau mundu mailan ematen denez, beharrezkoa da herrialde kapitalista ezberdinen arteko kontraesana ere kontutan hartzea, burgesia inperialista eta herri kolonizatuen arteko kontraesana.


Kontraesan guzti hauek ez dira bata bestearen ondoan jartzen. Nahasi egiten dira, eta dialektikaren lehenbiziko legearen arabera, elkarrekiko ekintzan daude. Eta zein da elkarrekintza honen ondorioa? Hauxe: zenbait baldintzetan, kontraesan sekundario batek halako garrantzia hartzen du, zeina denboraldi jakin baten zehar kontraesan nagusian bihurtzen den, kontraesan nagusia bigarren mailara igaroaz (bere ekintza amaitu denik, inolaz ere esan nahi ez duelarik). Laburbilduz, kontraesanak ez dira estatikoak, lekuz aldatzen dira.

Honela, herrialde kolonizatuetan, burgesia eta proletargoaren arteko kontraesana, azken azterketa bat beharrezkoa bada ere -herrialde horietan, sozialismoaren garaipenaren bitartez konponduko baita- denboraldi baterako bigarren mailara igarotzen da. Lehen mailara pasatzen dena, inperialismo kolonizatzailea eta nazio kolonizatuaren (langile klasea, nekazalgoa, burgesia nazionala independentziaren aldeko fronte nazional batean batuta) arteko kontraesana da. Honek ez du inolaz ere herrialde kolonizatuaren baitan klase borroka ezabatzen. (Are gehiago, herrialde kolonizatuko burgesiaren zati bat inperialismo kolonizatzailearen konplize denean). Baina premiaz konpondu beharreko kontraesana, inperialismoak planteatzen duena eta independentziaren aldeko borroka nazionalak konpontzen duena da.

No comments:

Post a Comment

Utzi zure sinadura/iruzkina hemen | Deja tu firma/comentario aquí