Friday, January 15, 2010

Koldo Izagirre: "Atzoko eta gaurko euskal ezkertiarrak"

Zutik, lurrean kondenatu... Bai, aldian behin, zutitu egiten dira lurrean kondenatuak dauden langileak. Lurrean kondenatuak eta historiatik kanporatuak. Eta hala ere, ahaztuak direnok historia egiten saiatu izan ziren.

Historia egin, historia aldatu.

Kondenatu haiek, historiak baztertu haiek, lurra eta kontzientzia dira gaur.

Eta lurretik zutitzen ari dira mende erdi luzeko hezurrak, memoriaren eskuek.

Ez dira hezurrak ordea, frogak dira, izenik gabeko lurretik, hil-putzutik, erahilketa inpunetik, programaturiko ahanzturatik, hautsetik goratzen direnak.

Aita hautsa futurora zoazena,
Jainkoak dizula bide, hauspo eta hegal,
Aita hautsa futurora zoazena.

Hautsa hegal bihurtu zen, futuroa jo zuen, orain hau. Eta hegan jarraituko du biharko orainetara bonbardaturiko herrietatik, Cesar Vallejok eskatzen zuen bezala, Peruko poeta handi hark, Hiletazko arrada Durangoko zakarrei izeneko poeman.

Hautsa, hezurrak, saboteatu diguten memoria konpontzeko ore anonimoa.

XX. mendeko 30ko urteetan bizi izan zuen Euskal Herriak bere heldutasun politikoaren lehen froga.

Berdintasunezko gizarte baten aldeko borrokan, sozialismoa boterean zegoela, estatu burgesaren alternantzian, alderdi komunistaren sorreran, altxamendu faxistaren aurkako erresistentzian, nazioarteko elkartasunean, nazien gerragintzaren aurrean isolaturik, porrotean, herbestean, zapalketan, espetxean, epaiketarik gabeko sententzietan eta defentsarik gabeko epaiketetan, goiznabarreko fusilaketetan, ikaraz, heriotzez hartu zuen heldutasun politikoa Euskal Herrian. Eta erresistentzian, berriro.

Gizonezko eta emakumezko, buruzagi eta militante xume, milaka euskal herritarrek egin zuten bat ideal hartan: Euskal Herria libre eta sozialista.

Bonbardatuak eta erraustuak, hil-bizi luzean egon ditugu zain Euskal Herria noiz zaien batuko.

Pixkanaka, lege eta politika traba guztien gainetik, haien hezurrekin batera jaso ditugu hegalak: askatasun eta berdintasun sozialeko ideala.

Horregatik, kapitalismoaren ideologiaren mende, aldaketarako saio guztiak eragozten dituen etsipen sozialeko garaiotan, oroimen historikoak eta kontzientzia politikoak eskatzen digun zeregina da totalitarismoari azken ondorioetaraino aurre egin zioten borrokalari haien mezua eta eredua ezagutzera ematea.

Monumentuak eta omenaldiak beharrezkoak dira memoriaren jarraipenerako.

Baina oroimen eragilea borrokalari haien hitzen eta eginen bitartez transmititzen da, orain honetan eman dezaketen argian.

Historia betea delako garaile ez izanagatik gizateriaren aurrerapenean mugarri izan ditugun borrokez.

7 comments:

  1. Anonymous1/17/2010

    Joseba Meabebasterretxea

    ReplyDelete
  2. Anonymous1/17/2010

    Gaizka Zabarte Lasuen

    ReplyDelete
  3. Anonymous1/19/2010

    Zigor Etxeburua Urbizu

    ReplyDelete
  4. Anonymous1/19/2010

    Antonio Castillo Riaño

    ReplyDelete
  5. Anonymous1/19/2010

    Xabier Bengoetxea Erriondo

    ReplyDelete
  6. Anonymous1/19/2010

    Gorka Zabala Cia

    Bidea ibiliz egiten bada, Euskal Herriak garatua du borrokaren ibilbide handia. Ikasi dezagun gure aitzinetik askatasunaren eta sozialimoaren bidea garatu dutenen esperientziaz eta ekin dezagun aurrera etorkizun aske eta justu bat lortzeko dugun aukera bakarra garaituz: Independentzia eta Sozialismoa.

    ReplyDelete
  7. Anonymous1/19/2010

    Autoeskola Antikapitalista

    ReplyDelete

Utzi zure sinadura/iruzkina hemen | Deja tu firma/comentario aquí