Thursday, January 14, 2010

Jose Luis Arenillas: "Euzkadiren nazio askapenak masa zapalduen egintza izan behar du"

Euzkadin garrantzi politiko handiko momentuak bizi ditugu. Urte honetan zehar bi PNVetako oinarriaren baitan desplazamendu bat eman da, zeina bere erradikalizazioa banaketak, bereizketak, traslazioak eta ekidin ezineko eraldaketak sortzeko zorian dagoen. Urriko egunek agerian utzi zuten Partidu nazionalisten benetazko izana, ez ziren egon zegokien paper historikoaren mailan, eta ebaki sakona ireki zuten Euzkadik bere gaineko burujabetza eskuratzeko borroka frontean.


Iraultza aurretikoak begi onez ikusi ondoren, Eusko Alderdi Jeltzaleak, zeinak burgesia industrial eta nazionalaren interesak ordezkatzen dituen, Botere zentralekin salerosketa politikak jarraituz, gobernu nekazal-erradikal-zedistei bere konfidantza berretsi eta lankidetza eskeini die, beren izanak helburu kontrairaultzaileak besterik ez dituenean.

Bere jarrera duda izpirik uzten ez duten horietakoa da. Lehenbiziko momentutik errepresioaren gobernuari elkartasuna erakutsi zion, finantza kapitalen eta lurralde jabetzaren berreskuratze erreakzionario eta zentralistan lagunduz, eta lehen biurtekoan burgesia txiki erradikala lubakitu zen gotorleku demokratiko-burgesak deusezten lagundu zuen. Zentzu honetan, Konstituziogileen lege sozial eta politikoen indargabetze eta urraketa onetsi zituen. Kexa handirik gabe, Udaletxeen autonomia murrizten duen lege Munizipala onartu du. Nekazal kontraerreformari eta landa Alokairuen legeari bere bozkak eman dizkie, euskal nekazari taldeak nabarmen kaltetu dituelarik. Abuztuak 10eko saiakeran, nobleziari desjabetu zitzaizkion funts-ondasunen bueltatzea, lasai asko bultzatu du. Hitz batean: ordezkatzen dituen klase interesek aginduko luketen bezela, burgesia liberalaren besoetan uzteko errepublika berreskuratu nahi zutenen aldamenean protesta egin ordez, PNV askatasun herritarren eta Euskadiren interesen aurkako azaldu da, ahultasusunezko momentuetan gobernu talde erreakzionarioek egindako promesa hutsalekin konformatuz, euskal kapitalismoaren zabalpen gaitasuna eta mugimendu nazionalistaren edukin demokratikoa itotzen dituzten arrasto feudalen eta indar zentralizatzaileen aurkako hauteskunde kanpainak ahaztuta.

Baina Espainiako oligarkia dominatzailea eta euskal burgesia nazionalaren arteko akordioek ez dute nazio askapeneko mugimenduarekin amaitzen Euzkadin. PNVk euskal herritargo gehiengoaren interesak ordezkatzeari utzi dio. Bere transakzio politikak, talde nazionalista kontsekuente bezela agertzea eragozten dio, herrialdeko indar aurrerakoien artetik baztertuz. Zentralismoa kondenatzen duten bere hitzen eta Botere zentralekin darabilen lankidetza eta elkartasunaren arteko kontraesanak, haserre bizia sortu du euskal nazionalismoaren defendatzaile garbi eta sutsuenen artean, zeinak burgesia nazionalaren babesetik aldentzeko borrokan dauden. Mendigoizaleak, nazio askapeneko mistika sabiniarrak bultzatutako indar gaztea, jatorrizko enbor nazionalistatik banatzeko zorian daude. Gudarik zuzenduta, zeinak sabinismoa eta demokrazia sozial-kristaua aintzat hartuta, hirietako burgesia txikia eta herrietako euskal nazionalistak mugiarazi nahi dituen, Alderdi politiko independiente batean eratuko dira, Euskal Herriaren burujabetza lortzeko helburuarekin. Estatutismoa, konpromezu eta trikimailuen politikaren porrota ikusita, eta insurrekzio baten ideiarekin liluratuta, askapen nazionaleko euren nahiekin bat egin dezaketen indarrekin momentuko akordio zehatzak egiteko prest daude.

Bere aldetik, burgesia txiki erradikala eta nazionalista ordezkatzen dituen Acción Nacionalista Vasca Alderdiak, iragarritako Batzar Nazionala ospatu du. Bertan, alderdikideen %50 izan zen zen ordezkatua. %41k ezkerreko politika baten alde egin zuen, gainontzeko %9ak, PNVk aurrera daraman antzeko politikarekin bat egin zuelarik. Alderdikideen gehiengoa ordezkatua ez zegoenez, eskuineko joera dutenek bultzatuta, Eskualdeko Juntetan aurkezteko ponentzia bat idaztea erabaki zen, erreferendum bat gauzatzeko. Ongi zehaztu gabeko edukin sozialeko alderdi kaotiko eta nahaspilatu bat izatetik, PANV Alderdi Laboristan eraldatuko da, politika langilezale, sozializatzaile eta nazionalista batean segitzeko joerarekin. Ia ziurra da, afiliatu gehienek esfortzu handirik gabe eraldaketa onartzea. Alderdiko zentristak Ezker Errepublikarrera igaroko dira, eta eskuindarrak PNVn sartuko dira.

Aipatutako eraldaketa oso interesgarria da Euzkadiko klase borrokaren garapenerako. Alderdi honen bitartez, euskal burgesiak otzandutako euskal langileen klase politikaren kontzientzia esnatzen joan daiteke. Bere helburuak traizionatzen ez baditu, PANVek bere eragina garatu behar du STVren sindikatuetan. Labour Partyren adibidea jarraituz, bere saiakera guztia Solidarioen barruan gehiengoa lortzen ipini behar du, Zentral horixka hau, klase sindikatu batean eraldatzeko helburuarekin. Horretan datza bere etorkizuna, masa alderdi politiko bezela. Bere helburu historikoak lortzeko, langile alderdi bat bezela antolatu beharko luke, euskal burgesiak otzandutako Solidarioak emantzipatzeko gaitasunarekin. Euskal langileen artean, klase kontzientziaren garapenean laguntzean, ez ditu ahaztu behar burgesia txikiaren interesak, ezta fiskoak eta baserrijabeek espoliatutako nekazariak ere. Azkenik, bere oinarrietan eta proletargoaren ekintza batasunean argitasun gehiago lortzeko borrokatu behar du, sindikatuen eta Euzkadiko langile alderdien arteko uztarketa erdietsi arte.

Munduko ekonomia kapitalistaren egungo krisi orokor eta iraunkorrean, proletargoak, hirietako burgesia txikiak eta nekazariek, bat egiten dute beren klase gorrotoetan. Aurrerantzean, mugimendu nazionalista klase borroka bat izango da; alde batetik, burgesia txikia, artisauak eta komertzio txikia, industrial txikiak eta euskal nekazariak proletargoarekin bat hartuko dituena, eta bestetik, espainiar oligarkia dominatzailearekin elkar hartutako burgesia nazionala. Nazio askapenerako mugimendua, esplotatuek beren esplotatzaileen aurkako klase borrokaren bidez garatuko da soilik.

Horregatik, beharrezkoa da proletargoak askatasun demokratikoen eta askapen nazionalaren aldeko borrokaren gidaritza bere gain hartzea. Iraultza demokratikosozialistak soilik eman ahal die askatasuna herrialde zapalduei, aldi berean langile klase zapalduen arazoak konponduz. Burgesiak baztertu egin ditu Euskadiren interesak, eta proletargoa bihurtu da, iraultza demokratikosozialistaren eta Euskadiren askapenaren aldeko borrokan, indar eragilea.

Guk begi onez ikusten dugu indarren polarizazio hau, burgesia nazionalaren kaltetan egiaztatzen dena. Izan ere, sortuko den Alderdi Laborista, euskal langileen artean ideia marxistak garraiatuko dituen ibilgailua izan daiteke, zeinak sentimendu nazionalistaren ondorioz burgesiari lotuak dauden eta klase borrokaren ikuspuntutik axolakabeak diren.

José Luis Arenillas
Bilbo, 1935eko azaroa.

No comments:

Post a Comment

Utzi zure sinadura/iruzkina hemen | Deja tu firma/comentario aquí